XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Zertan datza gertakari fisikoaren eta gertakari historikoaren arteko aldea?

Errealitate enpiriko berberaren alderditzat hartzen dira biak; biei aitortzen diegu egia objektiborik.

Baina egia horren natura bilatzean, bide ezberdinak erabili ohi ditugu.

Behaketaz eta esperimentuz zehazten da gertakari fisikoa.

Aurrean dugun fenomenoren bat hizkera matematikoz, zenbakien hizkeraz, deskribatzea lortzen dugunean, heldua da gertakari fisikoaren objektibatze-prozesua bere helmugara.

Horrela deskribatu ezin den fenomenoa, hau da, neurtze-prozesura ekarri ezinezko fenomenoa, ez da mundu fisikokoa.

Fisikaren egitekoa zehazten ari delarik, Max Planck-ek dio, neurtu ahal den edozein gauza neurtu behar duela fisikariak, eta neurtzeko moduko bihurtu neurtu ezinezko gauza guztiak.

Neurtu, ezin daitezke objektu edo prozesu fisiko guztiak zuzenean neurtu; kasu askotan, agian gehienetan, egiaztapen- eta neurketa-metodo zeharkakoak erabili beharrean gertatzen gara.

Baina gertakari fisikoak beti daude zuzenean behatzeko edo neurtzeko modukoak diren bestelako fenomenoei lege kausalez lotuta.

Zalantzatan geratu baldin bada fisikaria halako esperimentuaren emaitzei buruz, hori errepikatzea eta zuzentzea dauka.

Bertan dauzka bere objektuak edozein unetan, bere galderei erantzuteko gertu.

Besterik gertatzen da historialariarekin.

Iraganekoak dira horren gertakariak, eta iragana joana da betirako.

Ezin dugu hori berreraiki; ezin dugu ekarri hori bizitza berrira, adiera fisikoan, objektiboan.

Egiterik daukaguna da gertakaria gogoratzea, izate ideal berria ematea horri.

Berreraikuntza ideala da, eta ez behaketa enpirikoa, ezagutza historikoaren lehen urratsa.

Gertakari zientifiko deitzen duguna beti da geuk aldez aurretik jarria dugun galdera zientifikoarentzako erantzuna.

Baina zeri zuzenduko dio historialariak bere galdera?

Ez dauka gertakariak aurrean ipintzerik, ezta lehenagoko bizitzaren formetan sartzerik ere.

Zeharka bakarrik sar daiteke bere aztergaiaren barrura.

Iturriak dauka kontsultatu beharra.

Baina iturriok ez dira gauza fisikoak, (...)